Zinkha eta Izate Faltsua arituko dira Amurrioko Gaztetxeko oholtzan gaur gauean

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko api. 30a, 10:47

Zinkha taldearen estreinako kontzertua izango da gaur gauekoa. / Zinkha

Rock doinuek hartuko dute Amurrioko Gaztetxea gaur gauean, Izate Faltsua eta Zinkha eskualdeko musika banden eskutik. DJ Arriaga orozkoarrak ordu txikiak arte luzatuko du jai-giroa.

Aurreko urteetan egin bezala, aurten ere Amurrioko Gazte Asanbladak ez dio hutsik egin San Jose auzoko jaietako egitaraua osatzeari. Iragan larunbatean gazte DJen maratoiak jarri zuen dantzan gune autogestionatua, DJ Hemendik Etxera, Xaukena Xauk eta DJ Arriaga musika jartzaileen eskutik.

Gaur gauerako ere jaialdia prestatu dute. Baina, DJak ez ezik, musika bandek izango dute protagonismoa. 22:00etan hasita, Izate Faltsua talde ezagunak hartuko du Gaztetxea astintzeko ardura. Jarraian, Zinkha taldearen txanda izango da.

Zinkha eskualdeko musika talde sortu berriaren estreinako kontzertua izango da honakoa, baina honezkero bide oparoa egin dute. Izan ere, Gasteizko Txosnetako Banda Lehiaketa irabazi zuten iragan hilabetean. Rock musika jorratzen dute, eta duela gutxi taldearen nondik norakoak aletu zituzten Aiaraldea Komunikabidean:

Kontzertuen ostean ere egongo da gaua eta jai-giroa gune autogestionatuan bertan luzatzeko aukera. Gainera, azken orduko aldaketa bat egin dute Gazte Asanbladako kideek egitarauan: DJ Arriaga gazte orozkoarrak musika jartzaile lanak egingo ditu, iragan larunbateko arrakasta ikusita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide