Langileak "mehatxatu eta iraintzea" eta herritar bat "akusazio faltsupean salatzea" leporatu diote Imegarreko zuzendaritzari

Txabi Alvarado Bañares 2024ko api. 29a, 10:21

Ostiralean eman zuten gertatutakoaren berri, Herriko plazan eginiko elkarretaratzearen ostean. 

Tentsioak gora egin du Imegarreko greba mugagabean. Zuzendaritzak "jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria" izan du lanuztean zehar, LABen arabera. Sindikatuak prentsaurrekoa deitu zuen ostiralean grebalariekin batera, Herriko plazan eginiko elkarretaratzearen ostean. 

Sindikatuaren aburuz, administrazio kontseiluko kideek "behin baino gehiagotan" egin diete aurre greba egiten zeuden langileei, eta "mehatxatu eta iraindu" egin dituzte. Hain zuzen, Tubacexeko LAB sindikatuko atal sindikalak pasa den astean zabaldu zuen bideo bat hori bera salatzeko:

Baina harago ere joan da enpresa, langileen ordezkarien aburuz: "salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LABeko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu". 

Horren aurrean, sindikatuko kideek nabarmendu dute Imegarreko langileak "grabarako duten eskubidea" baliatzen ari direla, eta "legitimitate osoa" dutela "mobilizatzeko eta piketeak egiteko". Dena den, LABeko kideek nabarmendu dute langileak "inoiz baino elkartuago" daudela, eta "borroka eta elkartasun mekanismo guztiak" jarriko dituztela martxan "edozein motatako erasoak" gelditzeko. "Gure babes osoa ematen diegu borroka eredugarria burutzen ari diren Imegarreko langileei, eta gure babes osoa ere salatuta izan den kideari. Zuekin gaude".

Imegarreko langileek ere hartu zuten hitza prentsaurrekoan. Eskerrak eman zieten mobilizazio eta piketeetara bertaratutako bizilagun guztiei, eta berretsi zuten grebalarien arteko batasunak aurreikuspen guztiak gainditu dituela. 

Duela ia bi aste abiatu zuten greba mugagabea Imegarren, kaleratutako bi langileren berronartzea eskatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide