Bi kilo kokaina, hiru kilo haxix, errebolber bat eta munizioa atzeman dizkiote Orozko parean atxilotutako pertsona bati

Erredakzioa 2024ko api. 29a, 19:05

Legez kanpoko elementu ugari topatu dituzte operazioan. / Ertzaintza

Iragan ostegunean atxilotu zuten 43 urteko gizona AP-68 autobidean. Ibilagailuan bertan eta gero Bilbon arakatutako bi eraikinetan topatu zituzten legez kanpoko elementuak. Kartzelara bidali du epaileak.

43 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak iragan ostegunean Orozko parean, AP-68 autobidean. Poliziak gaur eman du atxiloketaren berri, prentsa ohar baten bidez. Azaldu dutenez, urtarrilean ekin zioten Bilbon bizi den pertsona hori ikertzeari, droga trafikoan aritu ahal zela uste zutelako. 

Hain zuzen, "ustez kokaina zuten bi pakete" topatu zituzten autoaren barruan, bi kilo guztira. Horrez gain, 11.000 euro ere topatu zituzten ibilgailuan. Gauzak hala, gizona atxilotu zuten. 

Ostiralean atxilotuaren etxera jo zuten poliziek, epailearen aginduarekin. "Miaketan Txakur Unitateko ertzainek parte hartu zuten, eta 3,6 kilo haxix, nahasteko substantzia baten kilo eta erdi, marihuana-kukuluak zituen pote bat, bi doitasun-balantza eta 6.000 eurotik gora aurkitu zituzten. Gainera, munizioa eta balen kontrako txaleko bat ere konfiskatu zituzten", azaldu dute prentsa oharrean. 

Trasteleku bat ere miatu zuten. Bertan topatu zituzten "guztiz operatibo zegoen errebolber bat", kokaina eta munizio gehiago. Horrez gain, prentsa hidrauliko industrial bat eta molde bat ere aurkitu zituzten, "ustez droga manipulatzeko erabiliak". 

Gauzak hala, droga trafikatzea eta armak legez kanpo izatea leporatu zioten atxilotuari, eta larunbatean utzi zuten epailearen esku. Honek espetxealdi prebentiboa ezarri zion gizonari, eta Basauriko kartzelara bidali zuen. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide