Pasa den urtean egin bezala, aurten ere SOS Laudioko Lamuza Parkea plataformak Parke Eguna antolatu du. Lamuza Parkea biziz betetzeko asmoz, egitarau oparoa antolatu dute. Goizeko 11:00etan hasi eta gaueko 21:00etara luzatuko da artearen agertoki bilakatu nahi duten eguna.
Besteak beste, herri kirolak, musika, dantzak, margo lanak, eskultura, zeramika, yoga, olerkiak, literatura, argazkigintza, bideogintza, esku pilota eta buru handiez gozatzeko aukera egongo da aurten. Horiekin batera merkatu txiki herrikoia ere antolatu dute. Egitaraua, ordea, itxi gabe dago; nahi duenak aukera du parte hartzeko. Hartarako, plataformatik lamuza2016@sosparkea.com helbidea zabaldu dute, bertara, egin nahi diren ekintzen berri emanez, mezu bat bidaltzeko.
Aipatutakoez gain, 14:45etan hasiko den bazkari herrikoiaz gozatzeko aukera egongo da. Tiketak salgai jarri dituzte Arrañope, Ilargi, Keska, Tolo eta Zuentzat-en. Eskuratzeko azken eguna hilaren 7a izango da.