Angel Egaña gudaria omendu du Arrankudiaga-Zolloko herriak

Aitor Aspuru Saez 2024ko api. 28a, 16:35

Angel Egaña Valladoliden fusilatutako eusko gudaria omendu dute gaur Arrankudiagako plazan. Duela bi aste jaso zituen herriko ordezkaritza batek bere gorpuzkiak eta bere herriko hilerrian egongo dira hemendik aurrera.

Omenaldi jendetsua egin diote gaur eguerdian Angel Egaña eusko gudariari bere herrian, plazan, hain zuzen. Indar abertzaleen ordezkaritza zabala egon da bertan (Orozko, Laudio, Urduña edota Ugaoko alkateak, Julen Arzuaga legebiltzarkidea...) eta Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak ere hartu du hitza.

Txutxi Ariznabarreta alkateak aurkeztu du ekitaldia eta inguruko dantzariek eta musikariek ere parte hartu dute.

Egañaren bizitza eta heriotza (Valladoliden fusilatua) azaldu dute eta Casimiro Maestro Renedoko alkate fusilatua ere izan dute gogoan, bere senideak ere bertaratu baitura ekitaldira. Valladolideko memoria historikoa lantzen duen taldeari ere eman dizkiote eskerrak, Egaña topatzen eta identifikatzen laguntzeagatik.

Berez, Julio del Olmo, Asociación para la Recuperación de la Memoria Histórica de Valladolid (ARMHV) elkartearen burua, ezin izan da bertaratu, gaixotu delako, baina eskutitza bidali du eta irakurri dute. Txomin Egiluz, Markel Iturrizar eta Edurne Ellakuriaren ikerketa ere balioan jarri du alkateak. Halaber, oroigarriak oparitu dizkiete Egañaren senideei.

Ezenarrok, bere aldetik, azpimarratu du Gogora Institutuko DNA bankuan laginak uzteko garrantzia. Izan ere, horrela identifikatu dute Egaña. Tamalez, orain arte berreskuratutako 350 errepresaliatuen gorpuzkinen artean, 50 kasutan, gutxi gorabehera, lortu dute identifikazioa burutzea.

Egañaren konpromisoa goraipatzeko baliatu dute ekitaldia, eta bakearen aldeko aldarria ere egin dute, Gaza eta Palestinako egoera ahaztu gabe.

Eusko gudariak abestuta amaitu dute omenaldia. Orain, gudariaren senideek hilerrian duten hobian sartuko dituzte gorpuzkinak, bere anaiarekin batera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide